XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Zuen harremanak egunetik egunera hotzagoak zirela konturatu nintzen.

Nik ez dakit maite zenuen neska hura; beharbada, beste bat baino ez zen zure jostailuen artean; denborapasa, agian jolas bakarrik egiten zenuen berarekin.

Baina gauza bat zen nabaria: inola ere ezin zinen hari lotuegi bizi, ito egiten zintuen eta arnasa behar zenuen.

Gazte eta hegalariegia zinen, usapal haren ondoan habian geratzeko.

Edonola ere, zeure buruarentzat nahi zenuena, debekatu egiten zenion hari; zeuk aske behar zenuen, baina besteak zure harrapakinak prest egon behar zuen zure esanetara, zuk hartaz baliatu gura zenuenerako.

Neska lagunak sufritu egiten zuen zure independentzia ikustean.

Eta gehiegi jasan ondoren, minberatasuna sorgortzeraino agian, hura ere bere buruaren jabeago bilakatu zen.

Prozesu mingarri hartan zehar behin baino gehiagotan izan ninduen solaskide; eta zuregandik askatu ahala, gero eta menpekoago nuen nik.

Arratsalde batez, nirekin hitz egin nahi zuela bizkor eta ea libre ote nengoen galdetu zidan larri telefonoz.

Zain izango ninduela eta berehala etortzeko erantzun nion ulerkor.

Zuk bezperan emana zenion azken jipoia.

Maiatzaren erdi aldeko festak ziren aldameneko herrian, eta nor bere lagunekin ibiltzekoak zineten gau hartan.

Agian ez zenuen esperoko eskenatoki berean topo egiterik berarekin, edo ahaztua zenuen posibilitate hori, edo....

Edanda omen zeunden; arkupetako bazter ilun batean harrapatu zintuen lizunkerietan norbaitekin.

Ulergaitza bada ere, zeu haserretu omen zinen itsuski eta laguna bidali handik zakarki, zure atzetik zelatan ibiltzea salatuz.

Engainatua, eta aski ez bailitzan, umiliatua eta gutxietsia utzi zenuen; (...).